azkenak
Juan Mari Ibarzabal: "Hiru rallyak batuta puntu gehien ateratzen duenak sari berezia eramango du"
Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatuta Gau-Txori Rallya bihar (otsailak 4) egingo dute. Hirugarren urtez jarraian ibiliko dira ilunpean argazkiak ateratzen, eguraldiari aurre eginez.
Imanol Lazkano: "Bertsolaritzako familia handiarekin moztea bezala izango da herriz herriko jarduna uztea"
Larunbateko Bertso Egunean jakinarazi zuen 2012an erretiratuko dela plazetatik. Hamalau urterekin egin zuen jendaurreko aurreneko saioa; 76 urte ditu. "Ez dut arrastaka ibiltzerik nahi, eta onena izaten da bere garaian erretiratzea". Aurten 18-20 saio egiteko aurreikuspena du. Lapikue.net Azpeitiko Kultur Mahaiaren webak elkarrizketa egin dio.
Soreasu Antzokian sartu eta pantaila puskatu dute ezezagun batzuek

Udalak ohar batean jakitera eman duenez, "bi zulo eta arraila bat" egin dizkiote. Eraikinera sartzeko zulo batzuk aurkitu dituzte, "dagoeneko estali" dituztenak, baina gertatutakoaren ondorioz, bi astez ez da zinema emanaldirik izango. Kulturgunera sartu izanagatik udaltzaingoak aurreko asteetan "herriko gazte batzuk identifikatu" izan ditu.
Azpeitiko Kultur Mahaiko bazkideen arteko zozketagaien emaitzak
Sei bazkidek eramango dituzte otsailean sariak: Arantxa Olaizola, Haizea Egiguren, Intza Ruowei, Ignacio Arakistain, Aner Martija eta Txaro Arruek. Eta tokatutako gaiak, aldiz, kontzertu eta dantza ikuskizunerako sarrerak bi lagunentzat, hiru liburu eta Sanagustin kulturgunean afaria, hau ere bi lagunentzat, izan dira. Zorionak zortedunei! (egin zaitez Kultur Mahaiko bazkide, urtean 10 eurorengatik)
Zer egingo dugu kulturarekin eta politikarekin? (III)
"Kulturgintzak ere metatu ditu lezio batzuk. Demagun, Azpeitiko Kultur Mahaia. Esan liteke, neurri handi batean herriko kultur politika zuzendu eta gauzatu duela azken urteetan, unean uneko aginte politikoaren kolorea eta aldeko edo kontrako iritzia gorabehera".
Imanol Lazkanok aurten bukatuko du herriz herriko jarduna
Azpeitiar bertsolariak Bertso Eguneko saio batean jakinarazi du plazetatik erretiratu egingo dela. Hamalau urterekin egin zuen jendaurreko aurreneko saioa. 76 urte ditu orain.

(Imanol Lazkano, artxiboko irudi batean)
Zuberoan Lizasotarrekin identifikatuta
Joanes Etxebarria Barkoxeko bertsolariak Argia-n esan du Sebastian eta Beñat Lizaso maite dituela bertsolari gisa, eta Joxe Lizaso Internetez entzun izan duela.
Oi! eta punk musika zapatuan

Txarrantxa eta Gaztetxean kontzertu bina egongo dira zapatuan (urtarrilak 28). Txarrantxan, Portugaleteko Burdinkaia eta Aretxabaletako No Hope taldeek joko dute, 17:00etan. Gaztetxean, 22:00etan, Hell Beer Boys beasaindarrak eta Amurrioko B.C.Bombs —argazkian— taldeek joko dute. Azken horrek 'Lets go Bombs' disko berria aurkeztuko du. Iluntzeko kontzertuek 3 euroko sarrera izango dute,
Ametsa ote?
Azpeitiko
Emakumeentzako Jabetze Eskoletan, 'Emakumeak kameraren atzean' ikastaroan egindako laburmetraia da: 'Amets'.
Irakurle kluba Azpeitian?
Literatur Taldekoak irakurle kluba sortzeko aukera aztertuz inkesta zabaltzen ari dira herritarren artean. E-posta bidez jarri dute galdeketa erantzuteko aukera, baina zenbait lekutan ere jarriko dituzte eskuz betetzeko, esaterako, Udal Liburutegian (beste lekuak zehaztuko dituzte). Prest egongo zinateke noizean behin elkartu eta irakurritako liburuaz hitz egiteko? Interesaturik bazaude hemen inkesta betetzeko lotura.
Beste urte bat

Zahartzaroak norberari eta ingurukoei dakarzkien arazoen gogoeta hunkigarria. Pesimista izatera iritsi gabe eta filmak dituen umore eta baikortasun printzak kontuan hartu arren, triste izaten jarraitzen duen zahartzaroari buruzko tragikomedia da 'Another Year' filma. Bihar, osteguna (urtarrilak 26), 21:30ean Soreasu Antzokian botako dugu.
Emakumeek sortutakoa beraiengandik entzuteko
Azpeitiko Emakumeen Txokoak 'Ilunabar literarioak: emakume, idazle, sortzaile...' antolatu du emakumeen sormenari "zabalkundea" emateko. Asteazkenean (urtarrilak 25), emakumezko idazle batzuk olerkiak, ipuinak eta elkarrizketak irakurriko dituzte "giro atseginean". 19:30ean, Emakumeen Txokoan izango da.
Sanagustineko mediateka gure artean da

Kulturgunea osatzeko beste pauso bat eman du Azpeitiko Kultur Mahaiak, beste zerbitzu bat emanez: kulturaz gozatzeko gune berri bat; beste modu batera esanda, mediateka. Toki eroso, txukun eta lasaia izatea nahi dugu eta garbi utzi, nahiz eta haurrentzako materiala egongo den, ez dela arduragabe jolasteko gune bat. Ekitaldi polit batekin inauguratu zuten atzo: Hiruk@te taldearen poema musikatuen laguntzarekin.
Mediateka gunea zabalduko dute Sanagustin kulturgunean

Sanagustin kulturguneak "beste aletxo bat" eskainiko dio herriari mediateka zabalduta: "Artxibategi txiki bat izango da eta edonork erabili ahal izango du kontsultak egiteko edota denborapasarako. Liburuak, aldizkariak, dokumentalak, argazkiak, Internet.. Denetik egongo da". Gaur, asteartea (urtarrilak 17), inaugurazio ekitaldia egingo dute 18:00etan eta ondoren luntxa egongo da. "Gonbidatuta zaudete!"
Udala kultur taldeen ekarpenak jasotzen hasiko da aurrekontuak osatzeko
Ostegunean arloko 30en bat lagun bildu ziren Betharrametan, Udalak deituta. Honek ohartarazi du egoera ekonomikoa zaila dela, baina azaldu du kulturan herriarentzat funtsezkoak diren gauzetan murrizketarik ez duela egin nahi. Soreasuk oraindik gastu handia lukeela iragarri du Udalak.

Txillardegi, pintzelada lodietan
Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' politikari, hizkuntzalari eta idazlea hil da gaur, 82 urte zituela. Joxean Agirrek elkarrizketa liburua egin zion 1996an: Hitza hitz. Txillardegirekin solasean (Elkar). 'Txillardegi, pintzelada lodietan' artikulua, berriz, 2005ean idatzi zuen, 'Jakin' aldizkarian. Hemen irakur daiteke.
Pako Aristiren 'Scott Barberenaren bizitzako lehen pausoak' nabarmenduz
Iaz argitaratutako liburuen arteko hiru edo launa aukeratu, eta haietako bakoitzari buruzko komentario labur bana idatzi dute Berria-ko literatur kritikariek. Imanol Mercerok haur eta gazte literaturaren alorrari erreparatu dio, eta Urrestillako idazlearen liburu hura aipatu du.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 'Zazpikoloroa' ikuskizuna Azpeitira dator

Otsailaren 4an (larunbata), Uztaro haurtzaindegiak antolatuta, Izarraitz pilotalekuan egingo dute emanaldia. Bi saio egingo dituzte, aurrena 16:00etan eta bigarrena 18:30ean. Sarrerak San Sebastian bezperan jarriko dituzte saltzen, besteak beste, Sanagustin kulturgunean, 6 eurotan.
Alex Silva: "Literatura kalera atera, eta taldean gozatzeko aukera izan behar dugu"
Literatur taldea sortzeko asmoz lanean ari den taldeko partaidea da Silva eta gaur bigarren bilera egingo dute Udal Liburutegian, 18:00etan. "Taldea egituratzen" hasiko direla dio eta eragile batzuen "babesa" jaso dutela, Udala eta Udal Liburutegiarena kasu. Emango duten lehenengotako pausoa "literaturari buruzko webgunea" sortzea izango da 'Urola Kostako Hitza'k egindako elkarrizketan dioenez. Hemen irakurgai osorik.
Azpeitiko Orbegozotarren arrastoak biltzen dituen liburua argitaratu dute: 'Altzagako Orbegozotarrak'
Manolo Cainzo Peteirok Elosiaga auzoko Altzaga baserritik abiatuta Orbegozo abizenaren inguruko azterketa egin du, baina ez hori bakarrik, gauza gehiago ere biltzen dituelako liburuak: "Alde batetik, Altzaga baserriaren deskribapena dago; monumentu historikoa den aldetik, eta abar. Bestetik, iruditu zitzaidan liburuak ezin zuela Orbegozotarrei buruz bakarrik izan, haientzako bakarrik izango litzatekeelako interesgarria. Horregatik, nekazari munduaren testuinguru sozio-kulturala ere landu dut. Gipuzkoako baserrien deskribapena eta haien garapenaren berri eman dut, eta hori gipuzkoar guztientzat interesgarria izan daitekeela uste dut". Elkarrizketa egin diote Urola Kostako Hitzan, Arkupean atalean.

