Alaitz Olaizola: "Antzematen zait antzerki amateurretik natorrela. Horrek asko markatzen du"
'Antzerkia norentzat idaztearen plazera' mahai inguruan hartu zuen parte atzo, Sanagustin kulturgunean.
Antzerkia norentzat idaztearen plazera mahai ingurua izan zen atzo Sanagustin kulturgunean, Azpeitiko Antzerki Topaketen barruan, eta bertako hizlarietako bat izan zen Alaitz Olaizola azpeitiar antzezle eta antzerkidegilea. Honatx haren esanak:
- "Nik antzerkigintza beti bizi izan dut oso gauza praktiko gisa. Uste dut horretan antzematen zaidala antzerki amateurretik natorrela. Horrek asko markatzen du. Idazleak berea idazten du, baina zuzendariak eta taldeak askatasuna dute idazleak idatzitako horrekin jolas egiteko".
- "Idoia Uranga genuen zuzendari Lakrikun taldean, eta beti galdetzen zidan, errespetu handiz: 'Alaitz, zer iruditzen zain hau aldatzen badugu?' Nik beti esaten nion: 'Hi ari haiz testua zuzendari baten begiekin ikusten. Obrari bizitza ematen ari haiz'".
- "Neure kabuz idatzi edo talde batentzat idatzi, nire kasuan ez dago alde handirik. Antzerkia niretzat gauza bat da, kontzeptu bat, mila adar izan baditzake ere. Bai neure kabuz ari naizenean eta bai talde batentzat ari naizenean, niretzat dena da bat. Akaso bihar edo etzi beste modu batean idatziko dut, baina oraingoz horrela idatzi izan dut beti".- (Mahai inguruaren amaieran, Olaizolarekin lan egindako aktore batek Olaizolaren testuei "sekulako txikizioak" egin izan dizkiotela gogoratu zuen, baina Olaizolak ez ditu zuzendariak edo aktoreek proposatutako aldaketak txikizio gisa ikusten). "Benetako txikizioak irudituko balitzaizkit, ez nituen onartuko".
- "Antzerkia idazterakoan, ni pertsonaia agertokian ikusten ari naiz, baina liburuak balio badezake irakurketaren plazererako, ondo etorria izan dadila hori ere".
- “Haurrentzat idatzitako antzerki obra batekin irakasle batek sekulako barreak egin zituela esan ziola gogoratu zuen”. "Testua ez zegoen idatzia irakurria izateko, eta, gainera, haurrentzako pentsatutakoa zen, baina niri poza eman zidan irakasle hark obra liburuan irakurtzean barre egin zuela jakiteak".
Xabier Lopez Askasibar eta Daniel Landart antzerki idazleak ere aritu ziren hizlari mahai inguruan.

