Hemen zaude: Hasiera Albisteak Literatura badago

Literatura badago

Albistea, Literatura / lapikue.net / 2011-12-22 10:52
— etiketak: ,

Halaxe, negu giro honetan hainbeste estimatzen den salda iragartzen den bezala, esan daiteke literatur taldea ere osatzear dagoela. Abenduaren 16an bildu zen taldetxo txiki bat Sanagustin kulturgunean aurretik egindako deialdiari erantzunez eta etekina atera zioten bilerari. Antolatzaileen esanetan "pozgarria da deialdia egin eta gogoz lan egin nahi duen jendea topatzea". Datorren urtean eman beharreko pausoak finkatzen hasi dira eta beste bilera ireki bat deitu dute urtarrilaren 13rako, "Liburutegiko bilera gelan, 18:00etan". 

"Kultur taldeen artetik literatura esparrukorik ez dago. Literatura taldean lantzeko eta arlo horrekin zerikusia duten ekimenak antolatzeko talderik ez dago". Hutsune horretatik abiatuta batu da taldetxo bat: "Taldea osatzeko deialdi honetatik ikusi da herritarren artean ere bazegoela literaturarekiko kezka hori". Bileran bildutakoek lanean hasi nahi dute eta, oraindik ezer erabaki ez badute ere, 2012an "ekintzekin hasteko gogoa" duela dio taldeak. 

Talde irekia

Literatur taldea osatzeak ematen dituen aukerak aztertu zituzten eta literatura digitala kontuan hartuko dutela erabaki: "Lankidetza proposamenak aipatu ziren eta baita Udalari, Kultur Mahaiari eta bestelakoei literaturaz aholkulari lanak eskaintzeko aukeraz ere. Gainera, digitalera jotzeko ideia dugu: Web 2.0, jendearekin harremanak sustatzeko erreminta digitalak, artikuluak... horretan murgilduko gara". Lehiaketak-eta antolatzea, momentuz, bazterrean utzi dute "gerora eztabaidatzeko".

Orain arte hartu dituzten erabakiak "behin-behinekoak" direla diote, baina "gogoa eta potentziala" badutela eta 2012 urte emankorra izatea nahi dutela. Gainera, "Udal Liburutegiko ordezkariak ere taldetxoan daude eta babes handia ematen dute horrelakoek". Hasteko, beste bilera bat deitu dute urtarrilaren 13rako, ostirala, eta besteren bat ere interesaturik baldin badago literatur taldean parte hartzeko, bertara azaltzeko deia zabaldu nahi dute. Liburutegiko bilera gelan egingo dute, 18:00etan.

 

Dokumentu Akzioak