Hemen zaude: Hasiera Albisteak Imanol Lazkanok aurten bukatuko du herriz herriko jarduna

Imanol Lazkanok aurten bukatuko du herriz herriko jarduna

Albistea, Bertsolaritza / lapikue.net / 2012-01-29 10:16
— etiketak: ,

Azpeitiar bertsolariak Bertso Eguneko saio batean jakinarazi du plazetatik erretiratu egingo dela. Hamalau urterekin egin zuen jendaurreko aurreneko saioa. 76 urte ditu orain.

lazkano.jpg

(Imanol Lazkano, artxiboko irudi batean)

Hiru belaunaldiren erakusgarri, eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak 25 urte bete dituela-eta, Beñat Gaztelumendik (aurten beteko ditu 25 urte), Andoni Egañak (50 urte) eta Imanol Lazkanok (76 urte) egin zuten atzo Donostian Bertso Eguneko saioetako bat, eta bukaeran Lazkanok: "Herriz herriko nere jarduna aurten bukatzen dedala". Plazetako martxa horretatik erretiratu egingo dela, alegia.

Hamalau urterekin egin zuen bertsotan jendaurreko lehen saioa, eta plaza eta bertsolari ugari du gustuko. "Plaza bakarra aukeratzea seinale txarra litzateke, plaza onak asko daudelako, eta aukera handia edukitzea ona da. Baita bertsotarako lagun on asko edukitzea ere! Denekin ondo moldatu izan naiz ni", zioen Lazkanok Uztarria herri aldizkarian 2005ean, elkarteko lehendakari postua utzi zuenean. 

Hasiera haietako tratua eskertu egiten du. "Gogoan dut, gu artean plazak egiten hasiberriak ginenean, Uztapidek, Basarrik... nolako mimoarekin tratatzen gintuzten. Beraz, zubi-lanarena egin badut, oso erraz egindakoa izan da; nire aurreko bertsolariek emandako ikasgaia da. Gainera, zeu ere erosoagoa sentitzen zara gazte bat zure ondoan gustura dagoela ikustean; hori harro egoteko arrazoia da". 

"Oraindik urtean saio batzuk egiten ditugu", zioen 2005eko elkarrizketa hartan, "baina ez garai batean hainbeste, jakina". Eta gustura zegoen horregatik. "Garai batean adina saio egitea ere seinale txarra litzateke, horrek atzetik guri bultzaka inor ez datorrela esan nahiko bailuke. Zorionez, oso jende ona dator atzetik eta gu pixkanaka baztertzen goaz. Seinale ona da bertsolaritzarentzat!”.

Urte hauetan guztietan nolako bertsolaria izan da, eta nolakoa da? "Gazte-gaztetatik bertsoaren 'mozkorra' izan naiz", aitortu izan du berak. "Bertsolari guztiek bezala, bertsoaren munduaren gustukoen ditudan gauzak bereiztu eta haiek lantzen saiatu naiz: Basarriren erretorika, Uztapideren zuhurtzia eta bizkortasuna, Xalbadorren sakona, Joxe Lizasoren gatza, Agirreren ziria... denak gustatu zaizkit eta denetik pixka bat landu dudan bertsolaria naizela esango nuke. Dena dela, esaerak dioen bezala, askotan ibili izanagatik, denetan erdi bidean geldituko nintzen, agian. Hori bertsolari gisa ezagutzen nautenek esan beharko dute”.

Besteak beste, Landetako tabernan trebatutakoa da. 'Landetako Unibertsitatea' deitu izan diote. "Baina nik uste han gehiago landu genuela adarjotze kontu hori, hizkuntzaren ateraldi horiek, gauzei buelta ematen hori, bertsoa bera baino", zioen Lazkanok Uztarrian 2003an.

Umorea

2008ko abenduko larunbat batean hamabi bertsolari aritu ziren Zarautzen kopla txapelketan, Putzuzulo gaztetxean, eta han zen Imanol Lazkano partaideen artean. Azkeneko txandara heldu zen, finalera. Harekin batera, Igor Elortza, Uxue Alberdi eta Iker Zubeldia iritsi ziren azkenera, eta Elortza nagusitu zen. Umorez agurtu zituen entzuleak Lazkanok, "gazte sentitu" zela esanez; "okerrena da bihar goizean / zaharra jaikiko naizela".

Beste artikulu batzuk

'Imanol Lazkano' iritzi artikulua (Laxaro Azkune, 2005).

Uztarria Kultur Koordinakundearen ohorezko bazkide (2005).

‘Imanol Lazkano. Aho bizarrik gabe’ liburuko bi pasarte (2004).

Dokumentu Akzioak