Martxoaren 25ean egingo du Kultur Mahaiak batzarra
Baigera aretoan izango da bilera, 20:30ean hasita. Aurtengo aurrekontua, Sanagustin kulturgunea, bazkidetza, kultur egutegi bateratua edota Talde Eragilearen berritzea izango dituzte hizpide. 21:30ean Sanagustin kulturgunea ikustera joango dira Mahaiko kideak.
Azpeitiko Kultur Mahaiak martxoaren 25ean (osteguna) egingo du hurrengo batzarra, Baigera aretoan, 20:30etik aurrera. 21:30ean Sanagustin ikustera joango dira denak. Mahaiko kideek atzo (astelehena) jaso zuten deialdia.
Batzarreko gai zerrenda
— Kultur Mahaiaren 2010eko plana eta aurrekontua. Abenduaren 22an izan zen Kultur Mahaiko iazko azken batzarra, eta han onartu zen 2010eko plana. Hori aintzat hartuta Talde Eragileak osatu du aurrekontua: 18.000 eurokoa. Hori guztia aurkeztu die dagoeneko Udaleko lau taldeei eta aurtengorako 12.000 euroko laguntza eskatu dio Udalari.
— Sanagustin kulturgunea. Azken berriak azalduko ditu Talde Eragileak, eta Sanagustinen inaugurazio egunerako proposamena azalduko du —oraindik ez dago datarik jarrita kulturgunea irekitzeko—.
— Taldeekin egindako bilerak. Talde Eragileak Mahaiko taldeekin bilera saila egin du hainbat kontuz (talde gutxi falta dira bilera saila ixteko): lapikue.net kultur webeko taldeen parte-hartzeaz, Kultur Mahaiko bazkidetzaz, kultur egutegi bateratuaz eta Talde Eragilea berritzeaz. Martxoaren 25eko batzarrean ondorioak aurkeztuko ditu, eta proposamen berriak ere bai.
2010eko ardatz nagusiak
Abenduko batzarrean onartu zituen Kultur Mahaiak 2010eko plangintzako ardatz nagusiak. Hauek:
— Herriko kultur egutegi orekatua egitea. Kultur Mahaiak 2009ko uztaileko batzarrean onartu zituen urteko kultur egutegia egiteko irizpideak. Esaterako, oreka lortzea diziplina, fetxa edota espazio aldetik. Aurtengo lana taldeek irizipide horiek barneratzea, jarraitzea eta betetzea izango da. Helburua lortzeko lagungarri izan daitekeelakoan, lapikue.net webgunean taldeentzat barne atala jarriko du Mahaiak (agendako fitxa, balorazio orria...).
— Hedabideak: lapikue.net aberasten joan, eskuko agenda sortu. Webean: taldeen barne atala (aurreko puntuari buruzkoa), ‘LapikueTB’ abian jarri (zuzeneko emanaldiak egin...) edota Sanagustin atala sortu. Horretaz gain, eskuko agenda sortuko du Mahaiak aurten, hilerokoa; leku publikoetan utziko ditu aleak.
— Sanagustin kulturgunea. Espainiako Gobernuaren behin betiko balekoa jaso —kostatzen ari da—, kulturgunea ireki —inaugurazio ekitaldia eginda—, martxan jarri eta behin betiko funtzionamendua lortu —deialdi publiko bidez—.
Urtean hiru batzar nagusi egiten ditu Kultur Mahaiak, eta martxoko hau izango da aurtengo aurrena. Mahaiko kideek hiru hilean behin barne buletina ere jasotzen dute.
Herriko kultur talde denek, lau udal taldeek, udal kultur teknikariak eta norbanako batzuek osatzen dute Mahaia.

