Pako Aristiren 'Scott Barberenaren bizitzako lehen pausoak' nabarmenduz
Iaz argitaratutako liburuen arteko hiru edo launa aukeratu, eta haietako bakoitzari buruzko komentario labur bana idatzi dute Berria-ko literatur kritikariek. Imanol Mercerok haur eta gazte literaturaren alorrari erreparatu dio, eta Urrestillako idazlearen liburu hura aipatu du.
Hona hemen Imanol Mercerok gaur Berria-n egindako aipamenetako bat:
Pako Aristi. 'Scott Barberenaren bizitzako lehen pausoak' (Elkar); ilustratzailea: Jose Luis Zumeta.
Ustezko xalotasunean bilduta, obra honek harritu egiten du. Pertsonaia gutxi, ekintza urriak, agertoki bakarra eta hala ere Aristi gai da ezustea, emozioa eta baita hunkidura ere sortzeko, soilik amaieran konturatuko garelarik zein ederki uztartu diren haurraren barne eta kanpo bidaiak. Ezin ahaztu Jose Luis Zumetaren ilustrazioak, margolari entzutetsuaren haur literaturarako lehen hurbilpena direnak.

