Sanagustin udazkenean irekiko da
Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioak eta Altuna y Uria enpresak ekipamendua jartzeko tramitea bete dute azkenik. Ondorioz, instalazio teknikoak egin ondoren, Sanagustin udazkenean irekitzeko moduan izango dela uste du Udalak. (argazkian, herriko kultur taldeetako kideak eta udalekoak kulturgunea ikusten, martxoan)

Udalak gaur jakinarazi duenez, Altuna y Uria enpresako kudetazaileak eta Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioaren artean Sanagustin kulturgunea irekitzeko egin beharreko tramitea egin dute; hau da, Sanagustinen ekipamendua jartzen hasteko urratsa. Beraz, instalazioa egin ostean irekiko da kulturgunea. Udalaren aurreikuspenen arabera, udazkenean irekitzeko moduan izango da. Kultur Mahaiak egina du ekipamenduaren erosketa eta instalazio aurreikuspena: hilabete eta erdi behar da.
Etxebizitza Ministerioaren arteko eta Altuna y Uriaren arteko tramite horixe baino ez zen falta kulturguneko lanen azken fasea martxan jartzeko. Ekipamendu teknikoa jarriko dute (argiztapena, soinua, multimedia), eta Altuna y Uria enpresak —berak du ardura hori— materiala eskatuta du dagoeneko. Ana Mendizabal Udal Kultura batzordeburuak jakinarazi duenez, "materiala urrutitik dator, zenbait material Suitzatik baitatoz, eta hilaren bukaera aldera iritsiko da guztia". Osagaiak esku artean izanda, kulturgunean instalatzea besterik ez da faltako.
Sanagustingo obren kontua behar baino gehiago luzatu da, azkeneko erabakia Espainiako Etxebizitza Ministerioaren esku egon baita, hura ari delako Sanagustin finantzatzen. Atzerapena zela-eta, Udala ez ezik, Kultur Mahaia bera ere Madrilera begira mugitzen hasi zen, eta Espainiako Kongresuan dauden gipuzkoar parlamentariei maiatzean gutuna bidali zien; harrezkero harremanetan izan da haiekin, gaia azkartu nahian.
Kultur Mahaiaren ustez, Sanagustin oso kultur azpiegitura garrantzitsua izango da Azpeitiko kultur taldeentzat eta azpeitiarrentzat; Kultur Mahaiaren plangintzako ardatzetako bat da. Plazan dago azpiegitura hori, gune handia da, aukera asko emango ditu, kultur arloa ilusionatuta dago...
2006an sinatu zuten hitzarmena
Udalak eta Etxebizitza Ministerioak 2006an Sanagustin barrua eraberritzeko hitzarmena sinatu ostean —lehen akordioa 1998an egin zuten—, 2007ko uztailean hasi ziren obratan. Lanak bukatzeko epea: urtebete.
2009ko otsailean, ordea, Espainiako Gobernuak jakinarazi zuen “behar berriak” sortu zirela eta ezin zuela zehaztu gunea noiz irekiko zen. Ekipamendu berriaren onarpenaz ari zen “behar berriak” aipatzean. Hain zuzen, ekipamendu berriaren proposamena aurrez Kultur Mahaiak berak egin zion Udalari —txosten zehatz eta landu baten bidez—, eta Udalak, ontzat jo ondoren, Gobernuari igorri zion gero. Honek ere onartu zuen.
Urte eta erdi pasatu da eta, azkenean, gaur jakinarazi dute obren azken fasea egiteko moduan dela.
Sanagustin azpiegituraren kronologia ikusteko klikatu hemen.

