Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2012-02-06, astelehena
Atalak
Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Urrian eskuko agenda sortuko du Kultur Mahaiak

Urrian eskuko agenda sortuko du Kultur Mahaiak

Batzarra / lapikue.net / 2010-07-23 11:10
— etiketak:

Komunikazio arloko bigarren proiektua izango da; hilabetekaria, leku publikoetan banatua, mila aleko tirada, formatu txikikoa, koloretan. Sanagustinen irekierako pausoak ere ari da zehazten Mahaia, Udalarekin batera. Atzo egin zuen urteko bigarren batzarra.

    Batzarra

(argazkian, Kultur Mahaiaren atzoko batzarra)

Azpeitiko Kultur Mahaiak Komunikazio alorreko bigarren proiektua jarriko du martxan urrian: eskuko kultur agenda. Hilabetekaria izango da, hileko lehen egunean banatuko du, mila aleko tirada edukiko du, koloretan izango da eta formatu txikikoa, eta leku publikoetan banatuko da. Webgune honetako azalean ikusgai egongo da PDFan, eta herritarrek jaisteko moduan edukiko dute. Kultur taldeak ez diren elkarteen kultur espresioko Azpeitiko ekitaldiak ere hartuko ditu bere baitan agendak (behean probako zenbakia)

Mahaiak 2010eko plangintzan onartutako egitasmoa da, eta Talde Eragileak atzo aurkeztu zien diseinua bilguneko taldeei eta kideei, urteko bigarren batzar nagusian —24 lagun bildu ziren, Baigera aretoan—.

Bere komunikazio tresnak izatea erabaki zuen duela bi urte Kultur Mahaiak, eta iazko abenduan sortu zuen lehen hedabidea: lapikue.net webgunea. Interneteko ataria osatzen segitzen du; adibidez, aurreko astean elkarrizketa digitalaren atala sortu zuen. Urtea bukatu bitartean beste berrikuntza batzuk egingo ditu.

       agenda

       agenda3

Sanagustin kulturgunearen irekierako pausoak zehazten

Komunikazioaz gain, kultur azpiegituren arloa da Mahaiaren beste ardatz bat, eta bi hilabetera pauso handia emango da, Sanagustin kulturgunea urri bukaera aldera irekiko baita (ikusi martxoko bideoa: Sanagustin, barrutik). Asko kostatu ondoren, Espainiako Gobernuak bete du azkeneko tramitea —berak finantzatu ditu obrak—, eta Kultur Mahaiak atzoko batzarrean jakinarazi zuen Udalarekin batera irekierako pausoak zehazten ari dela: azken ekipamenduaren instalazioa, kulturgunearen irekiera data, inaugurazio ekitaldia, behin-behineko antolaketa eta hasierako ekitaldiak...

Ia ehun bazkide dagoeneko

Bazkidetza arloan ere helburuak betetzen ari da Kultur Mahaia: Sanagustin ireki artean bilguneko taldeetako kideen artean ehun bazkide lortzeko xedea jarri zuen eta 90 dauzka orain. Talde batzuen erantzunak falta dira. Bazkidetza kanpainaren bigarren fasea Sanagustin zabaltzean hasiko du: herritarren artekoa. Urteko kuota hamar eurokoa da.

Kultur Mahaiak atzoko batzarrean gogoratu zuen Udalak aurten ere diru laguntza eman diola —eskatutakoa: hamabi mila eurokoa—, eta Eusko Jaurlaritzan eta Gipuzkoako Foru Aldundian eskatuta dituela laguntzak —iaz eman zuten—.

Bestelako harremanak

Azpeitiko kultur taldeekin ez ezik, beste zenbait eragilerekin ere proiektu batzuei buruzko harremanak egiten ari da azkeneko asteetan Kultur Mahaia: Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin, liburu argitaletxe baten enpresarekin edota Azpeitiko tabernarien elkartearekin.

Udal ordezkariek, kultur taldeek, Udaleko eta Kultur Mahaiko teknikariek, eta norbanako batzuek osatzen dute Mahaia.

Dokumentu Akzioak