Elkarteko estatutuak
LEHENENGO KAPITULUA
IZENA
1. artikulua
Irabazi-asmorik gabeko AZPEITIKO KULTURZALE KULTUR ELKARTEA izeneko kultur elkartea osatu da, elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan eta Eusko Legebiltzarrak onartutako ekainaren 22ko 7/2007 Euskadiko Elkarteen Legean ezarritakoen arabera eta Euskadiko Autonomia Estatutuaren 9 eta 10.13 artikuluetan azaltzen denarekin bat etorriz.
Aipatutako elkarteak honako araubidea izango du: Elkarteen Legea, estatutu hauek berak (Legearen aurkakoak ez badira), bere Zuzendaritza Batzordeak behar bezala hartutako erabakiak (Legearen edota estatutuen aurkakoak ez badira) eta Eusko Jaurlaritzak xedatzen dituen arauak (azken hauek osagarri besterik ez dira izango).
ELKARTEAREN IZAERA ETA HELBURUAK
2. artikulua
Izaera aldetik elkartearen ezaugarriak honako hauek izango dira:
- Kulturzale guztiei irekia egongo da.
- Bere jarduera kultura indartzeko, beharrezko eta egoki diren lan eta ekintzak antolatzea izango da.
- Bazkideen lana bideratzeko bilgunea izango da.
- Bazkideek erabaki eta onartu beharko dute jardueren plangintza eta ondoren hori burutu ahal izateko lana bideratu.
- Beste edonolako elkarte, alderdi politiko edo erakundeekiko funtzionamendu autonomoa izango du. Ez du inongo eta inoren morrontzarik. Beraz, bere jokabidea ahal den estuen lotuko zaio izaera horri.
- Bere egitasmoa burutzean, ahal duen heinean Udalarekin elkarlanean jarduten saiatuko da.
- Kulturaren aldeko lan edo antolakuntzetan beste elkarte edo erakundeekin koordinazioa eta elkarlana mantenduko du, funtzioen errepikapena saihesteko.
3. artikulua
Elkartearen helburu nagusia Azpeitian kultura indartzea da. Horretarako helburu nagusiak hauek ditu, ezarritako legezko baldintzak bete ondoren:
- Kultura eta kulturzaletasuna bultzatzea.
- Kultur espresioak antolatzea eta bultzatzea.
- Kultur eragileen eta kulturzaleen bilgune izatea eta haien elkarlana bideratzea. Era berean, kulturzale ez direnak erakartzea.
- Kulturarekiko jarreraz hausnarketa autokritikoa bideratzea.
- Bere jardueren berri emateko eta kulturaz informatzeko, komunikabideak sortzea eta sustatzea.
- Euskara bultzatzea, eta bere komunikazio hizkuntza izatea.
Helburu horiek lortzeko edonolako ekintzak eramango ditu aurrera, ezarritako legezko baldintzak bere ondoren:
- Bere helburuak betetzeko edo horretarako baliabideak biltzeko era guztietako jarduera ekonomikoak gauzatzea.
- Era guztietako ondasunak eskuratu eta eduki, eta mota guztietako ekintzak eta hitzarmenak egitea.
- Nolanahiko ekintzak burutzea, betiere legeekin eta bere estatutuekin bat etortzekotan.
SOZIETATE EGOITZA
4. artikulua
Elkarte honen helbide nagusia honakoa izango da: Perez Arregi plaza 1, goia (Azpeitia).
Elkarteak, horretaz gain, beste egoitzarik eduki dezake Euskal Autonomia Erkidegoan, Batzar Orokor Bereziak horrela erabakiz gero. Elkartearen egoitza nagusia edo elkartearen beste egoitzaren bat tokiz aldatzeko erabakia Zuzendaritza Batzordeak hartuko du, eta horrek Elkarteen Erregistroari helbide berria jakinaraziko dio.
LURRALDE EREMUA
5. artikulua
Elkarte honen ekintzak, honako lurralde-eremu honetan gauzatuko dira nagusiki: Euskal Herrian. Batik bat, Azpeitian.
HIZKUNTZ JARDUPIDEA
6. artikulua
Elkarteak aurrera bultzatuko dituen jarduera ezberdinetan, nahiz bere baitako funtzionamenduan, nahiz beste pertsona edo erakundeekiko harremanetan, euskara izango da erabiliko duen hizkuntza. Egoerak hala behartzen duenean, gaztelera eta frantsesa erabiliko ditu, esparru erdaldunak euskaraz funtzionatzen jartzeko helburua ere baduelako elkarteak.
IRAUPENA ETA DEMOKRAZIA-ARAUA
7. artikulua
Elkartea betirako eratzen da. Ohiz kanpoko Batzar Orokor Bereziaren erabaki bidez baino ezingo da desegin, seigarren kapituluan esaten den bezala, edo legeetan jasotako arrazoiren batengatik.
Elkartearen funtzionamendua eta barne-antolamendua demokratikoak izan beharko dira, eta pluraltasuna erabat errespetatu beharko da. Erabat deusezak izango dira elkartzeko oinarrizko eskubidearen alderdietako edozein betetzen ez duten hitzarmenak, estatutu-xedapenak eta erabakiak.
BIGARREN KAPITULUA
ZUZENDARITZA ETA ADMINISTRAZIO ORGANOAK
8. artikulua
Kide anitzeko honako organo hauek izango dira Elkartearen Zuzendaritza eta administrazioaren arduradunak:
- Bazkideen Batzar Orokorra, organo goren gisa.
- Zuzendaritza Batzordea, kide anitzeko zuzendaritza-organo iraunkorra.
BATZAR OROKORRA
9. artikulua
Bazkide guztiek osatzen duten Batzar Orokorraren bidez adieraziko dira bazkideen nahiak.
Batzar Orokorraren ahalmenak:
a) Estatutuaren jarduera-plan orokorra onartzea.
b) Urteko kontuak eta hurrengo ekitaldiko aurrekontua aztertu eta onartzea.
c) Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa onartzea.
d) Estatutuak aldatzea.
e) Elkartea desegitea.
f) Lehendakaria, idazkaria, diruzaina eta kide anitzeko aginte-organoko gainontzeko kideak, baldin badaude, izendatzea eta kargutik kentzea.
g) Beste elkarte batzuekin batera federazioak eta konfederazioak osatzea, edota horietatik ateratzea.
h) Ondasun higiezinak erabili edo besterentzako erabakiak hartzea.
i) Aginte-organoko kideei ordaindu egin behar zaiela erabakitzea.
j) Kuota arruntak eta bereziak ezartzea. Ahalmen hau, hala ere, Batzar Orokorrak aginte-organoari eskuordetu diezaioke horretarako bereziki hartutako erabakiaren bidez.
k) Bazkideak behin betiko kanporatzeko erabakia hartzea.
l) Beste organo sozialen bati esleitu gabeko beste edozein eskumen.
10. artikulua
Batzar Orokorrak ohiko bilerak eta bilera bereziak egingo ditu.
11. artikulua
Ohiko bilera egiteko deia, gutxienez urtean behin egin beharko da: urteko lehenengo hiruhilekoan izango da, 9. artikuluko a) b) eta c) letretan zehaztutako erabakiak hartze aldera.
12. artikulua
Batzar Orokorra Zuzendaritza Batzordeak erabakitakoan bilduko da bilkura berezian, bere kabuz edota bazkideen %15ek eskatuta. Bilkura eskatzeko arrazoiak eta helburuak azaldu beharko dituzte. Dena den, honako gaiak aztertzeko eta erabakitzeko bilera egin beharko da:
a) Estatutuak aldatzeko.
b) Elkartea desegiteko.
13. artikulua
Batzar Orokorretarako deialdiak idatziz egin behar dira, eta bilerak egingo diren tokia, eguna eta ordua adierazi beharko dira, baita gai zerrenda ere, eztabaidatuko diren gaien aipamen zehatzarekin. Deialdia egiten denetik lehenengo deialdiko batzarra egiteko jarritako egunera bitartean, gutxienez hamabost egun izan beharko dira. Hala badagokio, bigarren deialdiaren data eta ordua adieraz daitezke; dena dela, deialdi batetik bestera, gutxienez ordubeteko tartea utzi behar da.
Batzar Orokorrak, nahiz ohikoak nahiz ohikanpokoak, lehenengo deialdian balioz eratuta geratuko dira botoa emateko eskubidea duten elkartekideen herena bertaratzen bada; eta bigarren deialdian, botoa emateko eskubidea duten elkartekideen kopurua edozein dela ere.
14. artikulua
Batzar Orokorraren erabakiak bertaratuen nahiz ordezkatuen gehiengo sinplez hartuko dira, baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean. Hala ere, bertaratuen edo ordezkatuen gehiengo kualifikatua (baiezko botoak baliozko botoen erdia baino gehiago badira) beharko dute elkartea desegiteari, estatutuen aldaketei, ondasunen antolamenduari edo besterentzeei eta ordezkaritza-organoko kideen ordainketei buruzko erabakiek.
15. artikulua
Bazkideek beste edozein bazkideren gain utzi dezakete beraien ordezkotza Batzar Orokorretan parte hartzeko. Ordezkotza hori idatziz egin beharko da, eta Batzarreko idazkariari eman bilera baino ordubete lehenago. Elkartearen egoitza dagoen herrian bizi ez diren bazkideek ordezkotza beste baten esku uzteko adierazten duen agiria postaz bidal dezakete.
ZUZENDARITZA BATZORDEA
16. artikulua
Zuzendaritza Batzordea elkartearen interesak kudeatu eta ordezkatzen dituen organoa da, Batzar Orokorraren xedapen eta arteztarauei jarraikiz. Elkartekideek baino ezingo dute osatu ordezkaritza-organoa.
Zuzendaritza Batzordea honako hauek osatuko dute :
- Presidenteak.
- Idazkariak.
- Diruzainak.
Gutxienez sei hilabetean behin bildu beharko dute, eta elkartearen ekintzak bideratzeko beharrezkoa den hainbat alditan.
17. artikulua
Zuzendaritza Batzordeko kideren bat bilera horietara hiru aldiz jarraian edo, aldizka, sei aldiz ez bada joaten, dagokion kargua utzi egin beharko du, hutsegite horiek ez baditu arrazoitzen.
18. artikulua
Batzar Orokorrak hautatuko ditu Zuzendaritza Batzordeko kargudunak, eta bi urterako izango dira Batzordeak berariaz ezeztatu ezean, eta behin eta berriro hautatu ahal izango dira.
Kargu horiek osoki berrituko dira.
19. artikulua
Zuzendaritza Batzordekide izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Adinduna izatea, eskubide zibil guztien jabe izatea, eta indarrean den legedian ezarritako bateraezintasun-arrazoirik ez izatea.
b) Estatutuetan esaten den eran izendatua izatea.
c) Elkarteko bazkide izatea.
20. artikulua
Zuzendaritza Batzordekide kargua, Batzar Orokorrak izendatu ostean, onartutakoan edo jabetzerakoan hartuko da.
Dena den, Batzar Orokorrak egun-sariak eta gastuak ordaintzea erabaki dezake.
21. artikulua
Zuzendaritza Batzordeko kideek honako kasu hauetan utziko dituzte karguak:
a) Agintealdia bukatzen denean.
b) Dimititzen dutenean.
c) Bazkide izateari uzten dionean, edo kargurako ezintasun-arrazoiak dituenean.
d) Batzar Orokorrak kargugabetzea erabakiz gero, estatutu hauetako 18. artikuluan jarritakoaren arabera.
e) Heriotza.
a) puntuan agertzen dena baldin bada kargua uzteko arrazoia, Zuzendaritza Batzordeko kideek jarduneko egoeran jarraitu beharko dute lehenengo Batzar Orokorra egin arte. Batzar horrek aukeratuko ditu kargudun berriak.
b), c), d) eta e) puntuetan agertzen dena baldin bada arrazoia, Zuzendaritza Batzordeak berak hutsik gelditutako kargua betetzeko norbait behin-behingoz izendatuko du eta Batzar Orokorrak erabakiko du izendapena onestea ala ezestea. Ezesten bada, dagokion izendapena egingo da.
Batzorde honen osaeran gertatutako aldaketa guztien berri emango zaio Elkarteen Erregistroari.
22. artikulua
Honako hauek dira Zuzendaritza Batzordearen funtzioak:
a) Elkartearen ohiko kudeaketaz arduratzea, Batzar Orokorraren jarraibideen arabera eta haren kontrolpean.
b) Elkarteak aurrera eramango dituen ekintzen egitaraua egitea.
c) Gastu eta sarreren urteko aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera-orria Batzar Orokorrari, onar ditzan, aurkeztea.
d) Batzar Orokorraren bileretako aztergai-zerrenda egitea, eta Batzar Orokor berezi zein ohikoen deialdiak erabakitzea.
e) Bazkideek egiten dituzten proposamen eta iradokizunei erantzutea eta dagozkien neurriak hartzea.
f) Estatutu hauetan jasotzen diren aginduak interpretatzea eta haietako hutsuneak betetzea, betiere elkarteen inguruan indarrean diren legeei jarraikiz.
g) Batzar Orokorrak berariazko erabaki bidez ematen dizkion eskumenak gauzatzea, betiere ez badira bere eskumen esklusibokoak.
23. artikulua
Zuzendaritza Batzordeak, presidenteak erabakitako bakoitzean egingo ditu bilerak, euren kabuz nahiz batzordekideren batek eskatuta. Bileraren buru presidentea izango da.
Batzordeak hartutako erabakiak baliozkoak izateko, biltzen diren batzordekideen gehiengoak onartu beharko ditu. Horretarako, gutxienez batzordekideen kopuruaren erdiak egon beharko du Batzarrean.
Idazkariak bilera-aktak egingo ditu. Agiri horiek dagokien liburuan jasoko dira idatziz.
PERTSONA BAKARREKO ORGANOAK
Presidentea
24. artikulua
Presidenteak elkartearen legezko ordezkaritza hartzen du. Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Orokorrak hartutako erabakiak aurrera eramango ditu. Era berean, aipaturiko bi sail horien presidente izango da.
Presidenteak euskalduna izan beharko du.
25. artikulua
Presidenteari egokituko zaizkio hurrengo ahalmenak:
a) Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Orokorrak egiten dituzten bileren deiak egitea; bilerak bukatutzat ematea; bileretan sortzen diren eztabaidak zuzentzea; eta boto berdinketa gertatuz gero, boto ebazleaz erabakitzea.
b) Elkartearen ekintzen egitasmoa Zuzendaritza Batzordeari proposatzea eta, aldi berean, elkartearen zereginak bultzatu eta zuzentzea.
c) Balioz erabakitako ordainketak egiteko agintzea.
d) Sor daitezkeen premiazko arazoak konpontzea, eta Zuzendaritza Batzordeari lehenengo bilkuran horien berri ematea.
e) Batzar Orokorrak berariazko erabaki bidez ematen dizkion eskumenak gauzatzea, betiere ez badira haren eskumen esklusibokoak.
Idazkaria
26. artikulua
Idazkariari dagokio, zehazki, elkartean sartzeko eskabideak hartu eta bideratzea, fitxategia eta Bazkideen Erregistro Liburua zaintzea, eta Akta Liburuaren zaintzaren eta idazketaren ardura izatea.
Era berean, elkarteen arloan indarrean dauden legezko erabakiak bete daitezen arduratuko da, Erakundearen agiri ofizialak zainduz, elkarteko liburuen eta agirien edukia egiaztatuz, eta Zuzendaritza Batzordearen hautaketari eta elkartearen egoitza aldatzeari buruzko beharrezko jakinerazpenak dagokion agintaritzarengana bideratuz.
Idazkariak euskalduna izan beharko du.
Diruzaina
27. artikulua
Egindako sarrera eta ordainketen berri emango du diruzainak, eta diru-sarrera eta gastuen urteroko aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera ere jakinaraziko du. Horiek guztiak Zuzendaritza Batzordearen aurrean aurkeztu behar dira, eta honek Batzar Orokorrari, onar ditzan.
Diruzainak euskalduna izan beharko du.
HIRUGARREN KAPITULUA
BAZKIDEAK: ONARPEN BIDEAK, BALDINTZAK ETA MAILAK
28. artikulua
Elkartekide izan nahi eta honako baldintza hauek betetzen dituzten guztiek izan daitezke Elkarteko bazkide: era guztietako pertsona fisiko edo juridiko, publikoak zein pribatuak. Pertsona fisikoak badira, adin nagusia edo emantzipatua izan eta jarduteko gaitasuna eduki beharko dute; aldiz, pertsona juridikoek, beren organo eskudunaren berariazko erabakia beharko dute; erakundeek, berriz, beren organo zuzentzailearena beharko dute, elkartea osatzeko nahia adierazi beharko da horietan, baita beren izenean jarduten dutenen izena ere.
Elkartean sartu nahi duenak idatziz aurkeztu beharko dio lehendakariari bere eskabidea, bi bazkideren sinadurarekin. Lehendakariak eskaeraren berri emango dio Zuzendaritza Batzordeari, eta horrek erabakiko du eskabidea egin duena elkartean onartu ala ez. Erabakiaren aurkako gorako errekurtsoa jar dakioke Batzar Orokorrari.
29. artikulua
Batzar Orokorraren erabakiz elkarteak ohorezko bazkideak izendatu ahal izango ditu. Bazkide izateko baldintza guztiak bete beharko dituzte eta, haien artean, elkartearen helburuak betetzeko bertaratu ezineko pertsona fisiko nahiz juridikoak ere izenda ditzake.
Elkarte honek, bazkide arruntez eta ohorezko bazkideez gain, bazkide babesleak ere eduki ahal izango ditu, elkarteari diru laguntza emango lieketenak.
Ohorezko bazkideak eta bazkide babesleak ez dira legezko bazkide, ez dute elkarteko Zuzendaritza eta Administraziorako jardute sailetan parte hartzeko eskubiderik, ezta inongo betebeharrik ere. Hala ere, haien proposamen nahiz iradokizunak berariaz aztertuak izango dira elkarte honen partetik.

