Gipuzkoako Foru Aldundiak Soreasu kulturgunea diruz lagunduko du
Atzo eman zuten hitzarmenaren berri; hiru urtean miloi bat euro jarriko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak kulturgunea gauzatzeko. Hitzarmenaren berri eman ostean, Soreasura bisita egin zuten.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskarako foru diputatu Maria Jesus Aranburuk, Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak eta Ana Mendizabal Kultura eta Euskara zinegotziak eman zuten atzo (abenduak 23) bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren berri. Hitzarmen horrekin Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak Soreasuko kulturgunearen aldeko apostua berretsi zuten.
Akordio horren arabera, foru aldundiak hiru urtean (2009, 2010 eta 2011 urteetan) milioi bat euro jarriko ditu Soreasuko barne egokitze lanak eta ekipamendu eszenikoa finantzatzeko.
Soreasuko kulturgunearen bigarren faseari ekitea urriaren 23an Udalbatzak egin zuen ezohiko bileran erabaki zen. Fase horretako lanak 3.239.501 euroko kostua dute eta auditorioa ekipatzeko erabiliko dira. Diru horretatik %72a Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Kutxak ordainduko dute, eta gainontzekoa, %28a, Azpeitiko Udalak.
Maria Jesus Aranburu foru diputatuak azaldu zuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko 2007-2011 Gestio Planaren helburu nagusietako bat kultura arloan, lurraldean kultur ekintzak, sortzeko, sustatzeko eta hedatzeko gunean martxan jartzea da. Horretarako beharrezkoak diren ikerketak egin ondoren, ekipamendu plan integral bat egiteko asmoa zuten, baina egoera ekonomikoaren ondorioz ez da posible izan.
Egoera horren aurrean, foru aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuak behar larrienei erantzuteko diru laguntza berezi batzuk sortu ditu. Laguntza horiek bi baldintza betetzen dituzten proiektuek jasoko dituzte. Alde batetik, gestio planaren arabera funtzio estrategikoa bete beharko dute. Eta bestetik, exekuzio fasean egon behar dute.
Soreasuko kultur gunearen bigarren fasea kultur gune integral bat sortzeko proiektuaren barruan sartzen zela adierazi zuen Julian Eizmendi alkateak. Zinea eta antzokiaz gain, herriko 30 kultur talde baino gehiagorentzako egoitza ere izango baitu Soreasuk. Gainera, Alde Zaharra eraberritzeko eta suspertzeko planaren parte da.
Euskara eta euskal kultura
Maria Jesus Aranburuk aipatu zuenez, "soreasuko proiektua garrantzitsua da Azpeitiko herriarentzat. Euskalgintzarentzat ere proiektu oso onuragarria izango da, gainera". Azpeitiak azken urteetan duen kultur azpiegitura falta aintzat hartu dute, baita herriak euskararenganako duen konpromisoa ere. "Euskal antzerki topaketa bakarrak Azpeitian egiten dira, eta nahiz eta azpiegitura falta izan hutsik egin gabe urtero-urtero antolatu izan dira. Beraz, Soreasu bukatutakoan, bai Antzerki Topaketek, baita herrian sortuko diren beste hainbat kultur jarduerek ere leku egokia izango dute bertan", adierazi zuen Kultura diputatuak. Soreasu irekitzea euskara eta euskarazko kulturarentzat bultzada izango zela ere gaineratu zuen.
Hitzarmenaren berri udaletxeko areto nagusian eman ostean, denak Soreasuko obretara joan ziren lanak bertatik bertara ikusteko. Bertan azaldu zutenez 2011ko udaberrirako irekita izatea espero dute.

