Hemen zaude: Hasiera Iritzia Zirrara ahantziak

Zirrara ahantziak

Iritzia / lapikue.net / 2010-09-13 12:55
— etiketak:

(Xabier Euzkitze, 'Noticias de Gipuzkoa', 2010-09-12)

Euskal diasporan izan den edonork sumatu du folkloreari ematen dioten garrantzia, euskara galdua duten lekuetan batez ere. Euskal ikurrak nonahi ikusten dira, euskal musikak eta dantzek aparteko lekua dute. Ezinezkoa da hori behar bezala ulertu eta interpretatzea Euskal Herrian eta euskal esparruan bizi garenon ikuspegitik. Ikurrinak eta lauburuak edonon: autoaren matrikulan, etxeko atean, euskal ostatuetan… Milaka kilometrora bizi arren euskotar sentitzen denak gisa horretan azaldu eta azpimarratu behar izaten du bere euskaltasuna. Idiazabalen edo Amoroton gehiegizko betekada litzatekeena ezinbesteko nortasun-zeinu bilakatzen da San Frantziskon edo Rosarion euskal izatea aldarrikatu nahi duenarentzat.

Aurtengo buruz-buruko pilota txapelketaren finalean, Irujok eta Xalak Gasteizen jokatu zuten hartan, dultzaina bikain jotzen zuen norbait zegoen harmailetan. Partida atariko minutuetan Ikusi mendizaleak jo zuen, eta ehunka pertsona jarri zituen "gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak" kantatzen. Berebiziko zirrara izan zen. Iragan asteartean, Zarauzko euskal astearen baitan, Gorka eta Natxo Knörr, Urko eta Niko Etxart kantariez gozatu ahal izan genuen Zinema pilotalekuan. Orain 30 urte zirrara eragiten ziguten kantak berritu zizkiguten, denok kantari jarri gintuzten. Ez dut uste ni izan nintzenik tarteka begiak ixten zituen bakarra. Beste garai batzuetara eraman gintuzten, beste giro politiko eta sozial bat bizi genuenetara. Eta berriz ere Gasteizko dultzaineroak sortutako zirrararen antzeko zerbaitek astindu zigun gorputza. Ez da nostalgiaren kontua, ez hori bakarrik behintzat. Egungo Euskal Herrian, euskal sentiberatasunik gabeko politikariek agintzen duten honetan, euskal hiztunoi gure hizkuntza inposatu izana leporatzen diguten une honetan, edozein joeratako abertzaleak totalitarismo eta indarkeriaren orbitan jartzen gaituzten aro zail honetan, ikur edo kanta soil batek hunkitzen gaitu, diasporan bizi bagina bezala. Zirrara ahantziok ernatzen eta elkar hartzen lagunduko digute, menturaz.

Dokumentu Akzioak