Joxe Mari Orbegozo (dantzaria)
—
etiketak:
Albistea
Joxe Mari Orbegozo dantzaria izango da ostiralean, hilak 16, 11:00etatik 12:00ak bitartean irakurleen galderei erantzuten.
- Urte asko daramatzazu dantzan, baina noiz hasi zinen? Eta nola? (Maite)
- Urte mordoa da hasi nintzela. Donostiako dantza eskola batean hasi nintzen; egunean zazpi ordu egiten genituen han.
- Nondik datorkizu dantzarako zaletasuna? Noiz hasi zinen eta zergatik? (Ane)
- Txikitatik bodetan-eta dantza egiten nuen arrebarekin. Zaletasuna txikitatik dut. Gero, dantza eskolan balio nuela eta dantza txapelketetarako prestatu egin behar nuela esan zidaten. Hantxe berotu zitzaidan burua.
- Euskal dantzetan gero eta mutil gutxiago dira taldeetan adin batetik aurrera jarraitzen dutenak. Zure ikasleen artean mutil asko al dituzu, edo bikoteak osatzeko lanak izaten dituzue? (Arin)
- Mutilak badaude, baina neska oso onak daude Azpeitian. Mutilek lortzen duten maila ikusita osatzen ditut taldeak, eta hor izaten ditut arazoak.
- Dantza oraindik ere oso gauza tradizionala da. Saloiko dantzetan beti neska batek eta mutil batek egiten dute dantza; mutilak eramaten du neska... gizartean gauzak aldatzen ari dira, eta ez al da ordua dantzan ere gauzak aldatzen hasteko? Hau da, bi neskak edo bi mutilek elkarrekin dantza egiteko, neskek ere dantzan agintzeko... (Julen)
- Dantzarako askatasun osoa izaten da. Nahi duenak nahi duenarekin dantzan aritzeko aukera du. Ni neu telebistan tangoa beste mutil batekin eginda nago, adibidez. Berez, horrela egitenbaitzen Argentinan. Orain, txapelketetan ez dago onartuta sexu berdinekoek bikotea osatzea.
- Dantzaren munduak zer eman dizu? Eta, zer kendu? (Batxata)
- Poz asko eman dizkit dantza munduak. Jende asko eta leku asko ezagutzeko aukera eman dit dantzak. Kendu, berriz, ezer ez gustura egiten baitut. Baina txapelketetan-eta urduritasun asko pasatu behar izaten da.
- Zein da dantzari ona izateko trukoa? (Miren )
- Musika sentitzea da beharrezkoa. Sentitzen bada dantzari ona izaten da. Dantza mota guztiek sentimendu ezberdina izaten dute, eta hori lortzen baduzu, dantzari ona izango zara.
- Zein da gehien gustatzen zaizun dantza mota? (Azpeitiarra)
- Pasodoblea eta salsa ditut gustukoenak, baina gustatu, denak egiten zaizkit.
- Pasatu den igandean Azpeitian egin zenuten erakustaldia. Zer moduzko dantzariak daude Azpeitian? (Xabier)
- Onak daude. Irene, Uxoa, Lorea... ezagunak dira herrian dagoeneko. Ez al zenuten ikusi?
- Euskaldunak gerri gogorrak omen gara. Zuk urte asko daramatzazu dantza erakusten, eta dagoeneko ondo jakingo duzu zenbat kostatzen zaigun dantza egitea, ezta? (Aitzol)
- Ez dut uste euskaldunok gerri gogorrak garenik. Oso dantzari onak garela uste dut, eta ez zaigu gehiegi kostatzen dantza egitea. Hala ere, norberak probatu behar du nola moldatzen den ikusteko.
- Adin batetik aurrera, oso mutil gutxi dira dantzan ikusten direnak. Zergatik dela uste duzu? (Asier)
- Lotsa izaten da arrazoi nagusia. 12-16 urte bitarte hori izaten da txarrena. Gero, ordea, berriro hasten dira dantzan. Hala ere, gero eta mutil dantzari gehiago daude.
- Ba al duzu kariño bereziarekin gogoratzen duzun dantzaldirik? (Leire)
- Bai, noski. Irabazi ditudan txapelketa guztiak: Euskal Herriko txapelketak, Espainiakoak eta Europakoak.
- Norekin egingo zenuke gustura dantza? (Laida)
- Ezagun askorekin egin dut dantza nik. Baina gustukoena nire dantzako bikotearekin eginten dut.
- Zein da dantza munduan lortu duzun lorpenik handiena? (Garazi)
- Europako txapelketa irabaztea. 2000 eta 2008. urten irabazi nuen txapelketa hori.
- Gaur egun, dantzatik bizi al daiteke? (Iker)
- Bai eta ez. Ez da dantzari ona izatea bekarrik. Dantzako klaseak emateko ere ona izan behar duzu. Ez dauka zerikusirik dantzari ona izateak irakasle ona izan edo ez izateko.


dantza